Urteko hogeita hamahirugarren igandea
Lehen irakurgaia
( Hilen piztea )
Daniel profetaren liburutik 12, 1-3
Nik, Danielek, hau entzun dut Jaunarenganik :
1 “ Egun heietan, agertuko da Mikael, aingeruen buruzagia,
eta zure herriaren zaintzailea. Herstura handia izanen da,
herriak izaiten hasi zirenetik berdinik gabea. Bainan aldi hartan salbatuko da zure herria, biziaren liburuan beren izena izkiriatua duten guziak.
2 Lurreko errautsean lo daudenetarik ainitz atzarriko dira :
batzu betiko bizirako, besteak betiko lotsa eta ahalgerako.
3 Jakintsunek ortziaren distiraz distiratuko dute, eta besteeri bide zuzenean ibiltzen irakatsi diotenek izarrek bezala dirdiratuko dute betierean, gizaldi eta gizaldietan.
Danielen lerro hauetan oinarrizko bi aitorpen badira. Lehena : Juduek jasaiten duten pertsekuzione ikaragarrian, hitz kontsolagarriak. Bigarrena : Hilak piztuko dira.
Lehenik mezu bihotz-altxagarria. Guti gora-behera Jesu Kristo aitzineko 170 urtetan gira. Israelgo lurretan grekoak dira nausi. Heien errrege Antiochus Epiphane IV juduen pertsegitzaile odoltzalea da. Juduak ez daitezke Jainkoari leial egon : Jainkoari zor zaion kultua orai erregeari eman behar zaio. Hautua garbi da : edo erregeari amor eman (eta hori anitzek egiten dute) edo Jainkoari atxikia egon, eta orduan tortura eta heriotzea jasan beharko dira. Hautu beldurgarri horren aitzinean direnentzat idazten du Danielek : Mikael, aingeruen buruzagia, begirale duzue. Orai ikusten eta bizi duzuena ikaragarrikeria da, bainan azkenean zuek izanen zirezte garaile. Herriarekin eta herriaren alde zerua ere gudukan ari da, eta Jainkoa beti garaile ateratzen da. Beraz atxik ! Horra mezu kontsolagarria bizientzat.
Bainan torturetan hil direnak, zer ? Danielentzat ez da dudarik : Jainkoak ez ditu heriotzean uzten ahal hari leial egoiteko hil direnak. Hil horiek piztuko dira. Eta horra lehen aldikotz aipu dela garbiki Biblian hilen piztea. Orai ideia horri jarria da giristinoa. Bainan Danielen denbora arte ez zen sekula aipu. Oroitu behar dugu Izraelen fedea emeki-emeki atera zela ilunpetarik. Israelen historiaren lehen mendeetan, jende bakotxa piztuko zelako sinesterik ez zen : herriaren geroa zen ororen griña eta ez norberarena. Hortik, gizon batentzat, bere ondokoen garrantzia : asma zitekeen etorkizun bakarra haurrak ziren, haurren bidez zen norbera bizirik egoiten.
Norberaren piztean sinesteko bi ideia elgarri lotu behar ziren. Lehenik norberaren zortea (eta ez bakarrik herriarena) nolakoa izan daitekeen gogoetatu. Gero, Jainkoa leiala dela sinetsi, ez duela nehor heriotzean uzten. Lehen pundua, norberaren zortea zer izanen den, Izraelen historian emeki-emeki agertu den ideia da. Bakotxa bere egintzen erantzule delako ideia J.K. aitzineko seigarren mendekoa da, frango berantekoa beraz. Bizi izan dituen gertakari gogorrek ekarri dute Izrael Jainkoaren leialtasun osoan sinestera. Jainkoak jendea libre nahi du, heriotzearen lokarrietarik ere. Eta hori argi betean agertu zaio Izraeli, ikusi direlarik fededunak beren biziaren emaiten Jainkoa ez arnegatzeagatik. Martirak piztuko dira beraz.
Bainan besteak ? Danielen ustez, iduriz, beste guziak betiko heriotzean egonen dira. Urrats zenbait egin beharko dira oraino sinesteko piztea deneri emanen zaiotela, gizadia ez baita bi parte hautsia, onak alde batera, tzarrak bestera. Nehor ez da osoki on, nehor ez osoki tzar. Amodioaren ganikakoa Jainkoaren ganik dator, eta biziko da betiko.