Urteko hogeita hamekagarren igandea
Lehen irakurgaia
( Maita Jauna zure Jainkoa )
Deuteronoma liburutik 6, 2-6
Mois hunela mintzatu zitzaion Izrael herriari :
2 “ Jaunaren, zure Jainkoaren beldurra izanen duzu. Zure biziko egun guzietan, zuk, eta zure semeak, eta semearen semeak
begiratuko ditutzu nik egun emaiten dauzkitzutan haren lege eta manamendu guziak, luzaz bizi zaitezten.
3 Izrael, entzun, lehia zorion eta joritasun ekarriko dautzuna begiratzera, esne eta ezti darion lurrean,
Jaunak, zure arbasoen Jainkoak hitzeman dautzun bezala.
4 Entzun, Izrael: Jauna, gure Jainkoa Jaun bakarra da.
5 Jauna zure Jainkoa maitatuko duzu zure bihotz guziaz,
zure arima guziaz eta zure indar guziaz.
6 Gaur emaiten dauzkitzutan manamendu hauek egonen dira zure bihotzean.
Deuteronoma izenak « Bigarren Legea » erran nahi du grekaz. Tradizioneak Moisen gain ezartzen du, bainan ez du egile ezagunik. Uste denaz J.K. aitzineko zortzigarren/zazpigarren mendeetan berridatzia izan da, lehenagoko testo batzu baliatuz. Prediku idurikoa da, eta predikua izan bide zen Samaria, Iparraldeko erresuma, asiriarren eskuetarat erori aitzin (721). Orduan Samariako apez eta lebitar anitz Izrael erresumarat joan zen, Jerusalemerat, bere izkribuekin.
Josias Izraelgo erregearen denboran, 620 inguruan, testo hau kultu erreforma baten oinarria izan zen : besteak beste, Jerusalemeko tenplua kultu leku bakar ezartzea, Jainko bakarraren alderako kar bereziaren sustatzaile.
Liburu hau Jalgitza liburuaren ber-irakurketa bat da : Moisen erakaspenak berriz gogoratu nahi ditu : bihozberritu behar dela, Jainkoarekilako elkargoa hobeki begiratu : « Begiratuko dituzu nik egun emaiten dauzkitzutan (Jainkoaren ) lege eta manamendu guziak... » Eta bereziki huna juduek egun guziz erraiten duten otoitza, guk « Gure Aita » bezala : « Entzun, Izrael : Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra da. Jauna zeure Jainkoa maitatuko duzu zeure bihotz guziaz, zeure arima guziaz eta zeure indar guziaz... » Hitz ber-berak ez ote daitezke izan gure biziaren argi eta indar ?