Urteko hogeita hirugarren igandea B
Lehen irakurgaia
( Etortzekoa den salbamenduaren miragarriak )
Izai profetaren liburutik 35, 4-7a
4 Errazue bihotz beldurtieri:
“ Gora bihotzak! Ez izan beldurrik!
Horra zuen Jainkoa: mendekioa heldu da, Jainkoaren saria.
Bera heldu da eta salbatuko zaituzte.”
5 Orduan, itsuen begiak idekiko dira,
eta elkorren beharriak zabalduko.
6 Orduan mainguak basahuntzak bezala jauzi eginen du,
eta mutuaren mihiak pozez oihu.
Urak sortuko dira basamortuan, eta errekak eremuan.
7 Lur errea aintzira eginen da eta lur egarritua iturri.
Irakurgai hunen muina bertset huntan dago: „Gora bihotzak! Ez izan beldurrik! Hara zuen Jainkoa: mendekioa heldu da, Jainkoaren saria. Bera heldu da, eta salbatuko zaituzte“. Jaunaren mendekioa, zuen salbatzea da. Eta irakurgai huntako gaineratekoak, denak agintzak dira: sendatzeko agintzak denentzat, itsu, elkor, maingu, mutu... „Orduan idekiko dira itsuen begiak eta elkorren beharriak zabalduko. Orduan mainguak basahuntzak bezala jauzi eginen du eta mutuaren mihiak pozez oihu.“ Eta bereziki, etxerat itzultzeko agintza atzerriratueri.“ Jaunak libratuak itzuliko dira bide hortan gaindi. Zionerat etorriko dira bozkariozko irrintzinaka”. Izaik hitz hauk erraitean, Izraelgo populua desterratua da Babilonian, Nabukodonosoren armadak Jerusalemen egin izigarrikeriak ikusi ondoan. Berrogoita hamar urte herritik kanpo! Bada kuraia galtzekorik! Izaik erraiten diote beraz: „Eman indar esku ahuldueri, azkar erortzera doatzin belaunak. Errozute bihotz beldurtueri : Gora bihotzak! Ez izan beldurrik!“
Berrogoita hamar urteko ametsa! Nola sinets profetaren errana: “Laster duzue herrirat itzultzea!” Etxerat itzultzeko bide zuzenena, Babilonia eta Jerusaleme artea, Arabiako basamortutik pasatzen da. Eta basamortuaren zeharkatze hortaz Izai mintzo da loriostasun beteko ibilaldi batez bezala... miragarriko proosione batez bezala: „Alegera ditela basamortua eta lur idorra! Bozkaria dadila eta lorezta eremua eta egin dezala bozkarioz irrintzin eta jauzi ! » Salmoek ez dute bertze hitzik beiletako proosionen otoitzak aipatzean. Basamortua eder izanen da... Libaneko mendiak bezain eder, Karmeleko mendixkak bezain ospetsu, Zaroneko ibai bazterra bezain panpin... Etxeratze hori esker onezko proosione bat bezala izanen da.
Hauek oro, Jainkoak eginak dira: „“Bera heldu da, eta salbatuko zaituzte“. Izaik dio ere: „Mendekioa heldu da, Jainkoaren ordaina“. Jakin behar da, orduko denboretan, hilketa baten ondotik, familiako hurbilenak hiltzailea mendekatu behar zuela. Mendekatzea zen eginbidea. Izaik hori du aipatzen: Jauna da gure familiako hurbilena eta gure zorigaitzez arduratzen da; gainerat, bere populuaren dretxoak begiratzen ditu eta jendeak libratzen beren loturetarik makuretik. Mendeku hitz hunek ez du erran nahi Jauna gure kontra agertzen dela, bainan bai guri gertatzen zaizkigun gaitz eta min guzien kontra. Bere mendekioa, gaitzaren kentzea da, zorigaitz guzien kentzea : „ Idekiko dira itsuen begiak et elkorren beharriak zabalduko; mainguak basahuntzak bezala jauzi eginen du eta mutuaren mihiak pozez oihu.“
Egia erran, ez da beti hola pentsatu. Bibliaren historian Izairen lerro hauek berantiarrak dira. Hastapenean, Bibliako populuak gizonen itxurako Jainko bat asmatu zuten. Eta, salatzearen salatzeaz, profeten predikueri esker, Jainkoa den bezalakoa ikusi da eta ez asmatzen zen bezalakoa. Mendeku hitz hau egon da, bainan arras bertze adierazpen batekin, bertze hitz batzu bezala, hala nola „sakrifizioa“ edo „Jainkoaren beldurra“.
Zenbat mende eta zenbat urrats Jainkoaren egiazko izaitea aurkitzeko, dena amodio eta urrikalmendu den Jainkoa. „Hara zuen Jainkoa, mendekua heldu da; bera heldu da eta salbatuko zaituzte.“ Erran nahi baita : Jainkoa da zuen familiaren hurbilena, maite zituzte bertze nehor baino gehiago, eta edozoin umiliatze edo tzarkeria jasanik ere, heldu da zuen altxatzeko, zuen libratzeko.