Fededun herria da mintzo. Bere sofrikarioan, Jainkoa lagun duela probatu du: « Badut sineste, nahiz nion: ezin dut ezin jasan hori ». Aipu duen atsegabea, Egiptoko esklabotasuna da: faraonak ainitzetan askatasuna hitzeman du, bainan beti etsai gisa agertu; Jaunak du, bakarrik, bere herriaren askatasunezko indarra sustengatu eta bere ihesgoa lagundu. Salmo hunen lehen bertsoek erraiten dute: « azkar nindagon fedean, erranik ere: « Dohakabea naiz! » Kinka larrian erraiten nuen: « Jende oro gezurtia da ». Nola ordainduko diot Jaunari egin dautan ongi guzia? Bai zure zerbitzaria naiz, Jauna... askatu dituzu nere lokarriak. » Israelgo jendeak aipatzen dituen lokarriak Egiptokoak dira, bainan historian zehar, bertze ainitz lokarri eta esklabotasun baditugu. Eta gutarik bakotxak, aske iduri badu ere, zernahi gate eta lokarri dauzka.
Eta Jainkoaren alderako ideia makurra, zer lokarria! Adibidez, Jainkoa jendearen etsaia dela (Mesopotomiako mitologian bezala), edo jendea erre-opari nahi duela (Kanako erlisionean bezala). Hebrearrek Kanaanen sartu zirelarik, jendea hil behar zen opariak galdetzen zituen erlisione bat aurkitu zuten eta gogor egin izan behar zuten. Denak makur doatzilarik, gerla delarik, zernahi egin dezakegu. J.K. aitzineko 8.mendean, Akaz erregeak, bere erresuma salbatzeko, bere semea sakrifikatu zuen. Orduan zen Hasiera liburuan, Abramen ixtorioa idatzi. Abrahamen aurkikuntza harrigarria, Jainkoak jende bakotxaren bizia nahi duela, izan zen. Ez du heriotze bakar bat nahi, ez du holako erre-oparirik nahi. « Mingarri zaio Jaunari bere fededunen heriotzea. » dio salmoak, Abrahamen ixtorioaren oihartzun bezala.
Ideia hau: « mingarri zaio Jaunari bere fededunen heriotzea », ez da sekulan behin betiko onartua. Hasierako sugeak aditzera emaiten du Jainkoak jendearen heriotzea nahi duela. Horra tentaldia : Jainkoa gure askatasunaren eta biziaren etsaia dela. Eta Jainkoarekin dugun harremana gure gogoeten araberakoa da.
Paganoen irudimenean, bi aldi badira: lehena, jendeak zerbait nahi du; bigarrena, ukaiteko, sasijainkoa balakatzen du. Zernahi gisaz, erre-opariak behar dira. Egungo salmoan bi aldi horiek osoki aldatuak dira.
Lehenik, Jainkoak du lehentasuna. Hastapenetik, Adam, Noe, edo Abraham, Jainkoak ditu izaitera bai eta Elkargora deitu, heien zorionarentzat eta ez bere probetxu. Eta herriak Egipton pairatzen zuelarik, Jainkoa lagun etorri zaio: « Ikusi dut ene herriaren atsegabea Egipton eta entzun haren oihua zapaltzaileen pean. Egiptoarren eskuetarik libratzera etorri naiz. » (Jal 3,7...10). Eta Jainkoak bere herria askatu zuen.
Bigarrenekorik, erantzun gisa, herriak eskerrak emaiten ditu, Jainkoaren grazia ikusiz: « Nola ordainduko diot Jaunari egin dautan ongi guzia? » Eta hemendik aitzina, esker ona Tenploko opariek dute erakutsiko bainan ere egun guzietako izaiteak, Jainkoaren nahia gauzatuz. « Nik zor eskerrak sarri zuri, Jaun izenari kantuz ari. Nik zer eskerrak Jainkoari! Jaunaren haurrak bil kantari. Jainkoaren den etxean Jerusaleme bihotzean. »
Salmo hunek bere izari guzia hartzen du Halleleko salmoen erdian dela jakinez geroz: Jesusek berak Ortzegun Sainduz kantatu du beraz. Jondoni Matiuk dio: « Salmoak kantatu ondoan, Oliamendirat abiatu ziren » (Mt 26,30). Harrigarri dena, Ortzegun sainduz Jesusek erran duen salmo hunen ahaidegoa gurutze gainean erranen dituen hitzekin: « Ene Jainkoa, ene Jainkoa zergatik utzi nauzu? » Bat eta bertzeak sofrikarioa dute erraiten: oraintxe entzun dugun ostirale sainduko oihuari du egungo salmoak erantzuten : « Badut sineste nahiz nion: ezin dut ezin jasan hori. » Bat eta bertze eskerronez bururatzen dira.