Urteko hogeita seigarren igandea
Lehen irakurgaia
( Jainkoaren Izpiritua bere nahitara dabil )
Nunbreak liburutik 11, 25-29
25 Jauna hedoian jautsi eta Moisekin mintzatu zen.
Moisek zuen izpiritutik hartu, eta hiruetan hogeita hamar herriko zaharren gainerat ixuri zuen. Izpiritua heien baitan kokatu orduko, profeta gisa mintzatzen hasi ziren; bainan horrek ez zuen iraun.
26 Bi gizon kanpalekuan geldituak ziren, bat Eldad deitua, bestea Medad. Heien baitan ere kokatu zen Izpiritua;
Batasun-etxolarat ez joanik ere, hiruetan hogeita hamarren taldekoak ziren,
eta kanpalekuan hasi ziren profeta gisa mintzatzen.
27 Mutil gazte bat lasterka joan zen Moisenganat eta erran zion : “ Eldad eta Medad profeta gisa mintzatzen ari dira kanpalekuan.”
28 Nunen seme Josuek, gaztedanik Moisen zerbitzari zenak,
erran zion : “ Mois, ene jauna, debeka-zkitzu !”
29 Bainan Moisek erran zion : “ Neregatik jeloskor zintazke ?
Nahiago nuke herri osoa profeta balitz, eta Jaunak bere izpiritua deneri emanen baliote !”
Sinaiko desertuan, Izraeldarrek jasan behar ukan dituztenen ondotik, etsimenduak jo ditu eta Moisek berak ere aski lan ukan du. Ez da gosetea, bainan zerutik jausten den mana horrek denborarekin, bere gustua galdu bezala du. « Gogoan dugu Egiptoan kitorik jaten ginuen arraina, bai eta hango pepino, meloi, porru, tipula eta baratxuriak !Bainan orai goseak hiltzen ari, Mana baizik ez baitugu ikusten » (Zenb.11,5-6)
Bere herriaren zinkurinak entzun eta Mois etsitua da eta huna haren otoitza nolakoa den : « Zergatik derabilazu hain gaizki zure zerbitzari hau ? Zergatik ezarri nauzu zorigaitzean, herri hunen zama neure bizkar ezarriz ? Nundik aterako dut jende huni guziari jaterat emaiteko haragia?...Bakarrik ez dezaket herri hau guzia jasan : zama pizuegia da neretzat. Hola erabili behar banauzu , ken ezadazu bizia… »
Jaunaren erantzuna hauxe da : ez egon bakarrik. Eta Moisek hautatu 70 lankideen gainerat Jainkoak izpiritua ixurtzen du. Eldad eta Medad 70 horietan barne ziren, bainan batasun-etxolarat ez ziren joan eta Josue batek galdatzen zion Moisi debeka zitzan profeta gisa mintzatzetik.
Moisek ez zion Josue-ren galdeari segidarik eman. « Neregatik jeloskor zintazke? Nahiago nuke herri osoa profeta balitz, eta Jaunak izpiritua deneri eman baliote! ». Hor ageri da Mois gizon umila dela: « Mois gizon apala zen, munduko gizonik apalena… » (Zenb.12,3)
Moisen nahia profetikoa zen. Huna Joelek zer idazten zuen geroago : « Geroan, nere Izpiritua ixuriko diot jende orori. Zuen seme-alabak profetak izanen dira… » Egiaz, Sinai mendian, jada, Mendekoste han zen.