Urteko hogeita zazpigarren igandea
Lehen irakurgaia
( Ezkontza nondik heldu den )
Etorki liburutik 2, 18-24
Hastean, Jainko Jaunak zeru-lurrak egin zituenean,
18 erran zuen :
“ Ez da on gizona bakarrik egotea. Eginen diot berari dagokion laguna.”
19 Jainko Jaunak lurretik moldatu zituen landetako abere eta zeruko hegazti guziak, eta gizonari ereman ziozkan, zein izen emaiten zioten ikusteko.
Izaite bizidunak ziren, eta gizonak eman zion izen bat bakotxari.
20 Beraz, gizonak ezarri ziozkaten izenak abere guzieri, zeruko hegazti guzieri, eta landetako abere guzieri. Bainan ez zuen aurkitu berari zegokion lagunik.
21 Orduan, Jainko Jaunak igorri zion mixteriozko lo bat,
eta gizona lokartu zen. Jainko Jaunak sahets-hezur bat kendu zion, eto gero hetsi.
22 Gizonari kendu zion sahets-hezurraz emaztea moldatu zuen,
eta gizonari ereman zion.
23 Gizonak erran zuen orduan: “ Hau bai dela ene hezurren hezur, eta ene haragiaren haragi. Hau “ emazte” deituko da.”
24 Horrengatik gizonak bere aitamak utziko ditu,
eta emaztearekin elkartuko da, eta biak bat izanen dira.
Kondaira hau ez dugu haur batek bezala irakurtu behar, kasetari batek han gertatua ikusi eta kondatu balu bezala. Ez da historia, bainan gogoetaldi bat : naturako gauza miresgarriak nuntik eta nola ? Gizakiaren historia nola hasi zen ? Zergatik sofrikarioa eta heriotzea ? Eta beste.
Idazleak hola ikusten ditu gauzak, amets batean bezala, haurreri kondatzen den ixtorio eder bat bezala, Jesusek kondatzen zituen parabolak bezala, gero hortik erakaspen bat ateratzeko. Ez dira irudiak konda lehenik, bainan horietarik atera daitezkeen mezuak. Besteak beste hauek :
-Jainkoaren xedea gizakiaren zoriona da, Adam eta Eba baratze miragarri batean bezala.
-Sexualitatea ederra eta ona da, Jainkoaren xedean denaz geroz.
-Jainkoaren xedea ez da bat bestearen jabe izan daitezen, bainan berdintasuna, elkarrizketan. Hebrearrez gizona “ix” erraiten da, eta emaztea “ixa”. Horrek erran lezake gai beretik moldatuak direla, bainan doi bat desberdin, bakotxa bere nortasunean.