Urteko hogeita zortzigarren igandea
Lehen irakurgaia
( Zuhurtziaren aberastasunak )
Zuhurtzia liburutik 7, 7-11
7 Otoitz egin dut, eta adimendua emana izan zait.
Eskatu dut, eta zuhurtziazko izpiritua etorri zait.
8 Errege-makil eta alkiak baino nahiago izan dut ; haren aldean aberastasuna ezdeusentzat hartu dut.
9 Harribitxi preziatuenarekin ez dut parekatu ; munduko urre guzia , haren aldean, legar-izpi bat besterik ez da, eta zilarra , haren aitzinean, lohiaren pareko.
10 Osagarria eta edertasuna baino maiteago izan dut; argia baino nahiago izan dut, haren distira ez baita nehoiz itzaltzen.
11 Harekin etorri zaizkit ontasun guziak, eta haren eskuetarik ezin kondatuzko aberastasunak.
Edozoin filosofo greko fedegabek sina lezazke lerro hauek : adimenduaren eta bereziki bihotzaren aberastasunek mundu guziko urrea baino gehiago balio dutela.
Bainan idazki hunek, lerro artetan, beste zerbait erraiten dauku. J.K. aitzineko lehen mende erditsutan idatzia izan da, 1000 urte lehenago errege izan zen Salomon erregea bera mintzarazten badu ere.
Salomon errege gazteak ez zuen oraino Jerusalemeko tenploa eraikia. Bere erregetzako lehen ekitaldia Gabaoneko saindutegian ospatu zuen, hura baitzen erresumako kultu-leku nagusia. Bibliaren arabera " Gau batez Jauna agertu zitzaion, eta erran zion : Emadazu adimendu argia zeure herriaren gobernatzeko, eta ona tzarretik berexteko. Bestela nork nola goberna lezake zure herri handi hau." Galde hori Jaunari gustatu zitzaion, eta Salomoni erran zion : " Hori eskatu dautazulakotz eta ez urte asko zeuretzat, ez aberastasuna edo zeure etsaien heriotzea, zuzen gobernatzeko adimendua eskatu dautazulakotz, galdegina emanen dauzut...Gainera eskatu ez duzuna emanen dauzut : aberastasuna eta ospea, nihungo erregek ukan ez duen neurrian." (1 Erg 3, 5-13)
Mila urte geroago Zuhurtzia liburuaren idazleak bere denborako gobernarieri oroitarazten diote zuhurtzia ez dela sortzezkoa, Jainkoari galdegin behar zaiola. Gehiago oraino : herrialde anitzetan erregea jainkotzen baitzuten, hala nola erromanoen inperadorea, Zuhurtzia liburuaren arabera, Salomon errege ospetsua gizon xoil bat zen, berak hala aitortzen duela : " Ni ere gizon hilkorra naiz, besteak bezala, buztinaz eratu lehen gizonaren ondokoa ...Nik ere, sortu ondoan , denen airea hatsartu dut,...nere lehen oihua denena izan da : nigarra ...Denentzat bide bat baizik ez da munduan sartzeko eta hantik ateratzeko." (Zu 7, 1-6) Hots, erregeak gizon hilkor batzu baizik ez dira. Eta bi : zuhurtzia oro Jainkoaganik dator. Hori, guretzat, bixtan dena da; bainan ez zen hala duela 2000 urte.
Zuhurtzia liburua urrunago doa oraino. Zuhurtzia ez da erregeeri bakarrik emaiten zaioten dohaina. Edozoinek ardiets dezake otoitz kartsuan Jainkoari eskatzen badio : " Mendeetan barna, jende sainduaren baitan sartzen da, eta Jainkoaren adixkide eta profeta egiten ditu." (Zu 7, 27). Salomonen zuhurtziaren partekatzera gomitatuak gira denak.