Jesu Kristo gure Jauna guzien erregea
Lehen irakurgaia
( Gizonaren Semearen erregetza )
Daniel profetaren liburutik 7, 13-14
13 Ni, Daniel, gauazko ikuspeneri beha nindagon.
Gizaseme iduriko bat ikusi nuen zeruetako hedoietan heldu.
Gizon Zaharraren ganat hurbildu zen, eta haren aitzinerat joanarazi zuten.
14 Nausigoa, aintza eta erregetza eman ziozkaten ;
herri guziak, nazione guziak eta hizkuntza guziak zerbitzari zituen.
Haren nagusigoa betiereko nagusigoa da, itzaliko ez dena,
eta haren erregetza ez da sekulan suntsituko.
Daniel profetak dio ikuskari batean "gizaseme" bat agertu zaiola. Erran-molde hori hebrear pentsamenduaren araberakoa da : "gizon" erran nahi du (Salmoetan "errege semek" "erregea" erran nahi duen bezala). Delako gizona hodeiek deramate Jainkoaren alkiraino. "Gizaseme" hori -gizon hori, beraz- Jainkoaren munduan sartzen da, eta nausigo, ospe eta erregetza emanak zaizkio herri eta mintzaira guzien gainean, betiko.
Danielek ikuskari hau ukan zuen Antiochus Epiphane IV.ak juduak pertsegitzen eta torturetan hiltzen zituen urteetan (J.K. aitzineko 170-a inguruan). Ikuskari hau mezu bihotz-altxagarri bat da : Haurrideak, orai lehertuak zirezte, bainan librantza hurbildua da, eta betikoa izanen da.
Testamendu Berrian "gizaseme" aldatzen da, doi bat, hiru gisetarat. Lehenik, Jesusek ez du "gizaseme" erraiten, bainan "gizonaren seme". "Gizaseme" zionak "gizon bat" adiarazten zuen, bainan "gizona" erraiten delarik "gizadi guzia" adiarazten da. Beraz Jesusek "gizonaren semea" diolarik "gizadi guzia" bere gain hartzen du. Gisa berean Paulok Jesusez erranen du Adam berria edo Adam bigarrena dela.
Bigarrenekorik, "gizonaren semea" lauetan hogoita hamar bat aldiz irakurtzen da Ebanjelioetan, eta beti Jesusen eta bakarrik Jesusen ahoan. Beste nehork ez dio titulu hori emaiten, alta Danielen liburua biziki ezagutua zelarik. Hain xuxen hortako bereko ez zitzaion titulu hori emaiten ahal Jesusi. Alabainan, zeruko hodeietan etorriko zen "gizonaren semeak" Mesias izan behar zuen. Beraz Jesusek, erran-molde hori beretzat hartuz, Mesias zela adiarazi nahi zuen ! Bainan Izraeleko jendearentzat bixtan zen Jesus ez zitekeela Mesias izan, Nazereteko zurgin xoil bat zenaz geroz...
Hirugarrenekorik, Jesusek "gizonaren semearen" irudiari mamia osoki aldatzen dio. Bere egiten ditu Danielen hitzak : "gizonaren semea hodeietan etortzen ikusiko dute, ahal eta aintza handitan" (Mk 13,26), bainan eransten du sofrikarioaren aipamena : "gizonaren semea jendeen eskuetarat emana izanen da, hilen dute ..." (Mk 9,31)
Jesus piztu ondoan, dena argituko zaiote dizipulueri : Jesus gizon eta Jainko denak merexi zuen, bai, "hodeiez inguraturik etorriko den gizonaren seme" titulua; hura, gizadi berrian lehen-sortua, gorputz bat egiten gaituen Burua. Hari xertaturik Goi-goikoaren sainduen herria izanen gira, harekin betiko.