Jondoni Petri eta Paulo
Lehen irakurgaia
( Petri presondegitik Jaunak libratua )
Apostoluen Egintzetarik 12, 1-11
1 Aldi hartan, Herodes-Agrippa erregea Elizako batzuren pertsegitzen hasi zen.
2 Jakobe, Joaniren anaia, ezpataz hilarazi zuen.
3 Hori Judueri laket zitzaiotela ikusirik, Petri ere preso hartu zuen. Bazko astea zen.
4 Arrastatu eta presondegian sarrarazi zuen, bada, eta launa soldaduko lau talderi zaintzera eman, Bazko ondoan herriaren aitzinean jujatu nahi baitzuen.
5 Petri presondegian zaintzen zutela, Eliza Jainkoari otoitzean ari zitzaion kartsuki haren alde.
6 Herodesek auzitegirat atera behar zuen aitzineko gauean,
Petri lo zagon bi soldadoen artean, bi katez loturik, eta, ate aitzinean, goardiak kartzela zaintzen.
7 Bat-batean, Jaunaren Aingerua agertu eta gela guzia argiz bete zen.
Aingeruak Petri sahetsean hunkitu zuen eta iratzarri, eta erran zion : “ Jeiki laster!” Kateak ekuetarik erori zitzaizkion.
8 Orduan Aingeruak erran zion:
“ Lot gerrikoa eta oinetakoak !”
Petrik hala egin zuen, eta Aingeruak aitzina :
“ Jantz soingainekoa eta jarraik neri.”
9 Petri haren ondotik atera zen, bainan ez zakien Aingeruaren bitartez gertatzen zitzaiona egia zela : ikuspen bat zela uste zuen.
10 Lehen eta bigarren zaintzale-taldearen ondotik iragan eta
hirirat zeraman burdinezko ateraino heldu ziren. Atea berez zabaldu eta kanporat atera ziren. Karrika batean zoatzilarik,
bat-batean Aingeruak Petri bakarrik utzi zuen.
11 Petri bere baitaratu zen, orduan, eta erran zuen:
“ Orai badakit egia dela: Jaunak bere Aingerua igorri daut
Herodesen eskuetarik eta judu-herriak nahi zuenetik libratzera.”
Elizaren hastapenetako gertakari bat kondatzen zaiku hemen. Girixtinoak guti ziren oraino bainan sendatze miragarri batzuren ondotik Petri jadanik bietan preso sartua izana zen. Jesu Kristo ondoko 35a inguruan, Judu erlisio-buruzagiak Elizaren pertsegitzen hasi ziren gogorki. Extebe hil zuten. Anitzak Jerusalemetik urrundu ziren, apostoluak hirian zaudela.
Aldi huntan botere politikoa Herodes Agripparen garaikoa da, Jesu Kristo ondoko 41-44 artekoa. Herodes Agrippak -Herodes handiaren semeak- denena egin nahi du : Erromano boterearena et juduena. Alde hortarik girixtinoen etsaia da : Jacobe hilarazten du eta Petri preso sartzen.
Orai ere Petri mirakuluz ateratzen da presondegitik. Bainan Luken xedea ez da bakarrik Petriren zortea erakustea. Urrunago ikusten du : Berrionaren zabaltzea. Apostoluak libratuak balinbadira, munduak heien beharra baduelakotz da. Jainkoak ez du utziko itsu bat Bizi-Hitzaren trabatzera.
Historia errepikatzen dela iduri du. Urte guziz juduen Bazkoa, heien librantzaren orroigarria da. Egipton esklabo zirelarik Jainkoak handik atera zituen mirakuluzko egintza batzuren bidez. Urtez urte, mendez mende, beren historia irakurtuz, juduek mezutzen dute librantza hori Jainkoaren obra dela. Zorigaitzez Jainkoaren izenean libratzaile direnak berak besteen zapatzaile bilaka daitezke. Eliza ere zepo hortan sarturik izan da. Jesus erlisio boterearen gaitz horrek hilarazi zuen : Juduen Bazkokari, Jainko libratzailearen orroigarria egiten ari zirelarik, Jainkoaren defendatzaileek Jesus Jainkoaren Semea hiltzera eman zioten erromanoeri.
Gaurko irakurgaian botere erlisio-politiko horrek berak du Eliza zapatzen, Jesus hamabost bat urte lehenago bezala, eta aldi huntan ere juduen Bazkokari, Jerusalemen (Juduen Bazkok zortzi egun irauten du; aste hortan zen arrastatua izan Petri). Gero Petri ere libratua izan zen. Lukek konprenitzera emaiten du Jainkoa bere asmoaren betetzen ari dela aitzina : aingeruak zenbait hitz baizik ez ditu erraiten Petriri, bainan Egiptotik ateratzeko gauean herriari eman zitzaizkion manuen idurikoak dira : “Uhala gerrian, oinetakoak soinean eta makila eskuan...” (Jal 12,11) Petriri erraiten zaio : “ Jeiki laster!... lot gerrikoa eta esteka oinetakoak...” Gero librantzaren kondaira, Jesusen Pasionearen eta Piztearen hitzekin eta haren idurirat idatzia da : Petriren preso sartzea, Apostoluen Egintzetan, Jesusen Pasionea, Luken Ebanjelioan. Bi ingurumenek ere elgarren eite dute : gaua, presondegia, soldadoak. Petri lo dago, Jesus ere heriotzearen loan. Bientzat, argia ateratzen da gau beltzean : Jainkoa bere xedearen betetzen ari da.