-
Accueil
-
Les Frères
-
en construction
-
Belokeko fraidetxearen historia
Belokeko fraidetxearen historia
Belokeko fraidetxearen historia
Belokeren abiatzaileak Hazparneko misionestetako hiru apez izan ziren, eta bi laiko. Horien artean Jean-Léon Bastres apeza (1832-1904) agertzen da bultzatzaile. Baionan apezgai izan zenetik fraide bizitzaren alderako ixuria senditzen zuen. Bainan zoin fraide bizitza ? Laster ikusten du jesuiten bidea ez duela berea. San F rantsesena ere ez. Apeztu eta berehala, Ezpeletan bikario delarik, kaseta batean irakurtzen du Aita Muard-en bizitza. Hunek sortu berria du La Pierre-qui-Vire-ko fraidetxea, Morvan eskualdean. Jean-Léon Bastres-ek ez du herri batean apez izan nahi : dauka sobera lanjer baduela bizi horrek.
Hortan, seminario ttipian erakasle izendatua da. Han jastatzen du elgar-bizitza. Fraidegoaren gutizia beti bere baitan derama. Laster diosesako misionest izendatzen du apezpikuak. Bere ustez, bilatzen duena aurkitu du : 1870-1871-ko gerla denboran soldadoen apezgoa egiten ari zela, la Pierre-qui-Vire-tik pasatu zen. Hazparnerat itzuli orduko, ikusi duena bezalako fraidetxe baten egitea du gogoan. La Pierre-qui-Vire-rat doa hiru urtez han fraidegoaren ikastera, bere lehen lagunekin. 1875-eko irailaren 1-ean berriki erosia duten Bel-locq deitu etxalde ttipi batean sartzen dira. Belokeko fraidetxea hola sortu zen.
XIX. mende azkenerat Beloke handitu eta azkartu zen. Misionestak eman zituen bai herriari (parropietako misionestak) eta bai orduko misione herrieri : Argentina, Estatu Batuak, Palestina. Atzerrirat haizatuak izan ziren 1880-an, bainan aldi hartan laster itzuli ziren etxerat.
1903an ziren fraideak, luzazko, Frantziatik kanpo haizatuak izan. Gipuzkoako Lazkaon aurkitu zuten aterbe, hutsik zagon karmeldarren komentu batean. 1914-1918-ko gerlarat deituak izan ziren. Anaidia 1926-an itzuli zen berriz Belokerat.
1939-1945-eko gerla denboran aita abadea, hunen ordezkaria eta aita hostelierra Gestapoak ereman zituen. Bi lehenak Buchenwald-erat eta gero Dachauko zigor kanpalekuetarat igorriak izan ziren.
1964-ean Belokek fraidetxe bat eraiki zuen African, Benin-en (Zagnanado) lekuko apezpikuek galdeginik. Etxe hau hetsi behar izan zen 1989-an. Anai gazte zenbait joan ziren fraidegoaren ikasterat Koubri-ko fraidetxerat (Burkina Faso). 1998-an beren herrirat itzuli ziren. Han sortu dute, Henkanmê-n, Thabor-Mendiko fraidetxea.
Belokeko eliza 1966-1969an eraikia izan zen, sendo eta indartsu, orduan milikarik gabe.
Hogoita hamar bat fraide bizi dira orai anaidian.
Beloke, beste komentuak bezala, izan dadila iturri xume bat indarberritu nahi dutenentzat.