Eguberri eguneko meza
Lehen irakurgaia.
( Berri ona )
Izai profetaren liburutik 52,7-10
7 Bai ederrak direla mendi gainetan
bakearen berria ekartzen duen mezulariaren oinak,
berri ona eta salbamendua erranez dabilanaren oinak,
Ziongo hiri sainduari erraiten diolarik:
Errege da zure Jainkoa.
8 Entzun: zure zaintzaleak oihuka ari dira,
irrintzinaka guziak batean,
ikusten baitute Jauna berriz heldu dela Zionerat.
9 Egin bozkarioz oihu, Jerusalemeko harresi zahar eroriak,
Jaunak bere herria kontsolatu baitu
eta salbatu Jerusaleme.
10 Jaunak, herrialde guzien aitzinean,
erakutsi du bere besoaren indar gaitza.
Eta lurraren bazter guziek ikusiko dute
Jainkoarenganik salbamendua.
Testo huntan baditugu bi pertsonaia : mezularia oinez, bertzea hiri-zaintzalea. Mezularia lasterka doa Jerusalemerat, jakinarazteko Babilonetik desterratuak gibelerat heldu direla. J.K. aitzineko 587an, Nabukodonozorren soldadoek Jerusaleme xehatu zuten. Populuak denak galdu zituen : herria, Jerusaleme hiri saindua eta hango Tenploa. Tenploa Jainkoaren Presentziaren seinalea da populuaren erdian. Izaik erraiten dauku: « Bai ederrak direla...bakearen berria ekartzen duen mezulariaren oinak, berri ona eta salbamendua... » Bakea, salbamendua, Berri Ona da desterratuentzat. Hiri saindua, Zion, Jerusaleme behin eta berriz aipatuak dira testo huntan. Hiria suntsitua da, kasik hila, bainan berriz piztuko da. Mezularia badoa hiri suntsituaren lasaitzera : « Egin bozkarioz oihu, Jerusalemeko harresi zahar eroriak ! »
Zaintzaleak ikusten du lehenik mezularia. Berehala ulertu du denak bozkariotan sartuko direla, eta nor da denen aintzinean ? Jainko Jauna bera, berriz heldu Zionerat. Populuarekin kurri dabila eta hemendik goiti Jerusalemen egonen da populuaren erdian. Jainko Jaunak berriz « erosi » du Jerusaleme, « erosi », erran nahi baita « libratu ». « Erakutsi du bere besoaren indar gaitza...» Bainan, mementoan, Jaunaren besoaren indarra haur ttipi baten besoak dira.