Eguberri gaueko meza
Lehen irakurgaia
( Bakearen Erregea )
Izai profetaren liburutik 9,1-6
1 Ilunbean zabilan herriak argi handi bat ikusi du;
herio-itzalpeko lurrean bizi zireneri argiak egin diote distira.
2 Nasaiki eman duzu poza, emendatu bozkarioa:
bozkariotan dabiltza zure aitzinean,
uzta biltzean bozkariatzen den bezala,
harrapakinak partitzean loriatzen den bezala.
3 Xehatu baituzu heien uztarri dorpea,
heien bizkarra larrutzen zuen makila, zergariaren azotea,
Madian garaitu zuten egunetan bezala.
4 Soldado zalapart-egileen oinetako guziak,
odolez zikindu heien jantzi guziak,
horra erreak direla, suak iretsiak.
5 Haur bat sortu zaiku, seme bat emana zaiku;
buruzagi-seinalea bizkarrean derama, eta haren izena:
“ Kontseilari harrigarri, Jainko indartsu,
Betiko Aita, Bakearen Errege.”
6 Handia izanen da haren erregetza, azkenik gabekoa bakea,
Dabiden tronuan eta haren erreinuan.
Sendo finkatua izanen da zuzenbidean eta justizian,
oraidanik eta betiraino.
Horra zer egiten duen diren guzien Jainkoaren amodio suharrak.
Noizko gertakarietaz ari da hemen profeta ? Badakigu Salomon hil zelarik (J.K. aitzineko 933an) haren erresuma bi partetan zatitu zela : iparraldeko erresuma, Izrael deitua, Samaria zuela hiriburu, eta hegoaldeko erresuma, Juda deitua, Jerusaleme zuela hiriburu. Bi erresuma ttipi beraz. Bainan iguzkialdean (oraiko Irakeko iparraldean) bazen hortzak luze zituen erresuma handi eta azkar bat : Aziria. 721ean Aziriak Izrael zafratu eta hango jende anitz desterratu zuen Aziriarat.
Izai profeta Juda erresumakoa zen. Zer zuen ikustekorik auzo erresuman, Izraelen gertatu zorigaitz ikaragarrian ? Hau : iparraldeko eta hegoaldeko erresumak anaiak zirela, hamargarren mendean berexiak, eta Judako jendeak esperantza zuela noizbait berriz elgarretaratuko zirela, Judaren gidaritzapean. Izraeli gertatu zorigaitzaren karietarat, bi erresumeri zuzendua da Izairen profezia kontsolagarria : "Haur bat sortu zaiku...handia izanen da haren erregetza...Dabiden tronuan." Jainkoak ez du bere herria galtzera uzten. Hor da behar-orduan herriaren altxatzeko eta kontsolatzeko. Oro har Izairen mezua hau da : Ez beldur izan, Jainkoak ez du bere herria ahanzten; gauaz da sinetsi behar laster argituko duela. Atxik esperantza. Jainkoa salbatzaile da, ez bakarrik Izraelentzat, baizik gizadi guziarentzat.